XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

ANTONIO - Hau ez da Bruto, adiskidea, baina benetan esaten dizut ez dela balio gutxiagoko harrapakina: gorde hau leku bebesean eta atsegintasun osoarekin trata ezazu. Zoaz Bruto non den ikustera, bizirik edo hilik, eta ekarri albiste, Oktavioren dendara, dena nola gertatu den. (Badoaz).

(BRUTO, DARDANIO, KLITO, ESTRATON eta VOLUMNIO sartzen dira).

BRUTO - Zatozte, adiskide hondakin errukarriok, haitz honetan atsedena har ezazue.

KLITO - Estatiliok erakutsi du zuzia, baina ez da itzuli: hilik edo preso dago.

BRUTO - Eser zaitez, Klito: hiltzea da kontsigna: modako egintza da. Entzun, Klito. (Ahapean).

KLITO - Zer, jauna? Ez, ez, munduko ezergatik ere ez.

BRUTO - Isilik, orduan: hitzik ere ez.

KLITO - Lehenago hilko nuke neure burua.

BRUTO - Entzun, Dardanio. (Ahapean).

DARDANIO - Holakorik egin behar al dut?

KLITO - O Dardanio!

DARDANIO - O Klito!

KLITO - Zer eskatu dizu Brutok?

DARDANIO - Hiltzeko, Klito: begira nola ari den gogoetan.

KLITO - Orain ontzi noble hori saminez beterik dago eta begietatik ere gainezka dariola.

BRUTO - Zatoz hona, Volumnio zintzo hori, entzun hitzerdi bat.

VOLUMNIO - Zer dio nire jaunak?

BRUTO - Hauxe, Volumnio: Zesarren mamua bi aldiz agertu zait gaur gauean: Sardesen, behin gaur gauean, hemen, Filipoko zelaietan. Badakit nire ordua heldu dela.

VOLUMNIO - Ez da horrela, jauna.

BRUTO - Bai, ziur nago baiezkoan, Volumnio. Ikusten duzu nola doan mundua, Volumnio: geure etsaiek zuloraino eraman gaituzte (Armatarako deiak, urrunean). Hobe da geuk salto egitea bultza egingo diguten arte itxaroten egotea baino. Volumnio zintzoa, badakizu biok batera eskolan ibiliak garela: orduko estimu harengatik, nire ezpataren heldulekuari eusteko eskatzen dizut, ni gainera oldartzen natzaion bitartean.

VOLUMNIO - Jauna, hori ez da adiskide batentzako mandatua. (Armatarako dei gehiago).

KLITO - Ihes egizu, ihes egizu, jauna: ez da itxaron behar hemen.

BRUTO - Agur zuri, eta zuri, eta zuri, Volumnio. Estraton, lotan egon zara denbora guzti honetan: agur zuri ere, Estraton: aberkideok, nire bihotza pozik dago neure bizitza osoan inor aurkitu ez dudalako leiala izan ez zaidanik. Derrota egun honengatik, Oktaviok eta Marko Antoniok garaiti ziztrin honengatik eskuratuko duten baino aintza handiagoa izango dut. Beraz, agur denoi batera, izan ere Brutoren mihiak ia bukatua bait du bere bizitzaren istorioa. Gaua nire begien gainean eralgita dago, nire hezurrek atsedena nahi dute, baina ordu hau iristeko bakarrik lan egin dute. (Armatarako deia. Oihuak barruan: Ihes, ihes, ihes!).

KLITO - Ihes, jauna, ihes.

BRUTO - Alde egizue: jarraituko dizuet. (Badoaz KLITO, DARDANIO eta VOLUMNIO). Mesedez, Estraton, gera zaitez zeure jaunaren ondoan: aipu oneko gizona zara zu. Zure bizitzak izan du ohore-ukituren bat: eutsidazu, bada, ezpatari eta bihurtu aurpegia ni gainera oldartzen naizen bitartean. Nahi al duzu, Estraton?

ESTRATON - Emaidazu eskua aurrean. Agur, jauna.